Oharra: Informazio gehiena wikipediatik hartuta dago.
Arrangoitzen jaio zen 1950ean. Bere ibilbide musikala bi zatitan bereiz liteke: talde-lanean aritu zen urteak, eta bakarlari gisa eman dituenak. 70. hamarkadan '
Errobi' talde mitikoa sortu zuen Michel Ducaurekin batera, eta
Euskal Herriko gazteak txunditu zituzten artean hemen oso ezagunak ez ziren rock doinu indartsuekin eta ahots-joku ederrekin. Ezin bestela izan, eragin iparramerikar nabarmena zuen taldeak, besteak beste Neil Young, Paul Simon, Crosby, Nash eta enparatuena. Letrak oso konprometituak ziren, batez ere Iparraldeko zenbait arazoekin.
Lau disko argitaratu zituzten, lehenengoa, 'Errobi', oso arrakastatsua. Errobi desegin ondoren 'Akelarre' berbena taldearekin ibili zen lau urtez, herri askotako jai giroa ezagutuz batera berbenaren lan gogorra aurrera ateraz. Bi disko argitaratu zituen taldeak Anje Duhalderekin, 'Gau pasa', esate baterako. 1980an bakarkako bideari ekin zion, 'Errobiaren hegitik' diskoa kaleratuz, eta oso aberatsa izan da bere aportazioa, 'Bakezaleak' edota 'Zuzenean' diskoek frogatzen duten bezala. Tinbre biziko ahots dotorea dauka, berehalakoan ezagutzen dena. Bere kantu asko ezker abertzaleko jendearen bandera izan dira, mitinetan milaka pertsonek abestuak. Tabernetan ere, gau giroan sarri entzun dira. Duhaldek bete-betean asmatu du tradizioa eta modernitatea lotzen,
Iparraldeko tradizio antzinakoari tresna, erritmo eta sonoritate berriak ezartzen. Era askotako kolaborazioak egin ditu beste artista batzuekin, Xabier Amurizarekin, esate baterako.
Bilboko Kafe Antzokian ere ezinbestekoa izan da haren lana. Kantagintzari eskaini dio bere energia guztia, beste lanik nahi gabe. George Brassens kantari frantziarraren abestiekin egindako bertsioek osatzen dute, oraingoz, bere azken lana.