Oharra: Informazio gehiena wikipediatik hartuta dago.Mikel Laboa Manzisidor (Donostia, Gipuzkoa, 1934ko ekainaren 15a - Donostia, 2008ko abenduaren 1a) euskal kantari eta musikagilea izan zen.
Aditu askoren ustez XX. mendeko euskal abeslari esperimentatzaile, ezagun eta eraginkorrenetarikoa izan da, bere oihartzuna gure mugetatik kanpora ere zabaldu zuena. Medikuntza ikasi zuen eta psikiatrian espezializatu zen.
1960ko hamarkadan Ez Dok Amairu musikari-taldea osatu zuen beste hainbat euskal artistarekin. Bertan, batez ere Benito Lertxundirekin batera, euskal kanta berria sortu zuen. 1974an Bat-Hiru diskoa egin zuen, jada euskal ereserki bihurtu diren hainbat kantekin (bereziki Txoria txori). Disko hura Mendeko Euskal Diskorik hoberena izendatu zuten Diario Vascon eginiko bozketa batean. Ondoren aldaketak egin zituen bere musikan eta jazz musikaz lan egin zuen, Iñaki Salvadorrekin. Donostiako Orfeoiarekin disko bat ere argitaratu zuen. Haren lanetan, bada bitxikeria bat: disko guztiak zenbatuak daude, 1etik 17raino, baina 13rik gabe, Ez dok hamairu taldearen omenez. Julio Medem donostiarraren Euskal Pilota. Larrua harriaren kontra dokumentaleko soinu banda ere Mikel Laboarena da.
Donostiako Antigua auzoan bizi zen azken urteotan. Bob Dylan abeslari estatubatuarrak Zurriola hondartzan eta 2006ko uztailean emandako kontzertuaren aurretik azkeneko aldiz aritu zen publiko aurrean kantari. Azkenik, gaixotasun luze baten ostean, 2008ko abenduaren 1ean zendu zen 74 urte zituela, Poliklinikan. Gipuzkoako Foru Aldundiak Gipuzkoako Urrezko Domina eman behar zion urte berean, 2008ko abenduaren 23an jaso behar baitzuen. Donostiako udalak, bere aldetik, hiriko urrezko domina eman dio.


No hay comentarios:
Publicar un comentario